asierLI

AURKEZPEN-IRUDIA

Estibaliz Urresolak burutu du azalaren diseinua.

Horrela Bizitzeko bildumaren I alea apirila-maiatzean argitaratuko da hemen:

https://asier-li.bandcamp.com/

Honekin batera, bilduma osoko testuak biltzen dituen liburua argitaratuko da, ale guztien testuak obra oso baten moduan sekuentziatu eta sakabanaturik.

Horrela Bizitzeko sei alez osatuta dago. Ale ezberdinen musikak bi hilabeteko tarteaz-edo argitaratzen joango naiz, apirila-maiatza honetatik abiatuta.

KEA+ORGANOA

HORRELA BIZITZEKO osagai ezberdin eta autonomoz osaturiko lan bat da. Baina osagaien arteko harremanak ere ematen dira zenbait abestitan. Hain zuzen ere, pasa den ekainaren 16an, horietako batzuren grabaketa saioak burutu genituen, abesbatza eta organorako pieza bat eta beste hainbat soinu-iturri dituen abesti baterako abesbatza eta organoa grabatuz.

KEA Ahots Taldea eta Ana Belén García organo-jolea izan ziren musikariak.

Sesioa Tolosako Santa Klara komentuan egin zen eta Juanan Ros teknikariak grabatu zuen.

Irudia erregistratzen SIRIMIRI FILMS-eko Estibaliz Urresola aritu zen, arratsalde hark eta bertan landuriko konposizioek iradokitakoarekin  ikusentzunezko lan bat egiteko asmoz. Post honetako argazkiak David Azurzak egin zituen.

Hainbeste pertsona nire musikarekin inplikatuta ikusteak zirrara-ikara sortzen dit. Baina oso eskertuta nago. Beste urrats bat gehiago. Milesker guzti-guztioi.

 

Aurkezpen bideoa II alea

SIRIMIRI FILMS-eko Esti Urresolak ekoizturiko aurkezpen bideoa duela hilabete batzuk KEA abesbatzarekin egin genuen lehenengo entsegutik abiatzen da. Bertan “Genero-esparru irudigarriak” pieza landu genuen.

Izenburu hau Judith Butler pentsalariaren terminologian oinarritzen da: irudigarri, pentsagarri edo ulergarri denaren markoaren ideian hain zuzen ere.

Bideoan HORRELA BIZITZEKO diskoko beste osagai batzuk ere iradokitzen dira.

Ekainaren 16an hasiko ditugu KEA Ahotsa taldearen grabaketa saioak, Tolosako Santa Klara klausura komentuan, Juanan Ros teknikari apartaren eskutik.

Honatx aipatu aurkezpen bideoaren bigarren alea:

Aurkezpen bideoa I alea

HORRELA BIZITZEKO azken grabaketa fasean sartzear da. Ekainaren 16an diskoko osagai garrantzitsuenetako bat den KEA Ahots Taldearen grabaketa saioei ekingo diegu Tolosako Santa Klara klausura komentuan.

ORO BAT aurkezten nenbileneko garaikoak dira HORRELA BIZITZEKO laneko lehenengo hitz eta notak. Azken emanaldia eman eta gutxira hasi nintzen pentsatzen, ideia honen harira: generoa eta aldaketa klimatikoa. Hortik aurrerakoa zail da laburtzen.

Lehenengo grabaketa sesioan organo eta abesbatzarako piezak grabatuko ditugu Ana Belén Garcíaren partaidetzaz.

Honatx SIRIMIRI FILMSeko Estibaliz Urresolak, duela hilabete batzuk KEArekin egin genuen lehenengo entseguan oinarrituz, sorturiko aurkezpen bideoaren lehen alea.

Organo-piezaren grabaketa

Horrela Bizitzeko diskoko osagai garrantzitsu baten grabaketa burutu genuen urtarrilaren 12ko iluntzean, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako Cavaillé-Coll organo apartan. Hau 1863. urtean eraiki zen, eta bere azken grabaketa izan da bi urte iraungo duen zahar-berritze lanak hasi eta deseraiki aurretik.

Ana Belén García organo-joleak oso ekarpen aberatsak egin zizkion nik idatzitakoari, eta grabaketa saioan zehar gero eta finkiago iritsi gintzaizkion piezaren izaerara. Azkenik, grabaketa ederrak bildu genituen.

Fredi Pelaez aritu zen mikrogintzan, maixuki aritu ere. Organoaren eta instrumentu bera den espazioa osotasunean jaso nahian.

Estibaliz Urresola zinegileak saioaren islada irudizkoa bildu zuen, ostera ikus-entzunezko lan bat egiteko asmoz. Organoaren erraiak eta soinuaren lanketa- eta grabaketa- saioak ederki hatzeman zituen.

Ez lirudike organoa sexu- eta genero- nortasunari buruz hausnarketa egiten duen lan baterako tresnarik egokiena denik, baina, hain zuzen, horixe da interesgarriena (abesbatzarekin antzeko zerbait gertatzen da): iturri eta tradizio ezberdinetatik datozen musika eta testualitateek elkarri esateko daukatena argitzea eta birrasmatzea. Bada garaia, organo honek egingo duen bezala, hainbat eta hainbat iruditeri sinboliko eta jazarpen diskurtsibo zahar-berritu, deseraiki eta eraldatzeko.

Organo pasarteak

 

Horrela Bizitzeko proiektuko organo pasarteak lantzen aritu naiz Ana Belén Garcíarekin, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan, 1863ko Cavaillé-Coll organo berealdikoan.

Oso ekarpen aberasgarriak egin dizkit eta aurrerabiderako irizpide emankorrak proposatu.

Soinu bultzada.