asierLI

ORGANO-NARRAZIOAK (Horrela Bizitzeko III)

https://asier-li.bandcamp.com/album/organo-narrazioak-horrela-bizitzeko-iii

Urtetan, “viriditas” delako oinarrizko bizi-indarraren ikerkuntzaren bitartez, malenkonia desegingo omen luketen bortusaiaren propietateak argitzen saiatu den botanikalari bat, seme-alabarik eduki izan nahi ez duen etologo bat eta beste hainbat pertsonaia biodibertsitatea babestu nahi duen lan-talde batean batzen dira, naturan kokaturiko hazi-biltegi isolatu batean.

Horrela Bizitzeko lanaren III ale honek audio-liburu, irrati-antzerki eta “text sound” lanen ildoa jorratzen du. Pertsonaia edo osagai psikikoen narrazioak deklamaturik agertzen zaizkigu, nire ahotsez, atzealdean organorako musika bat dutelarik. Musika hau zazpi minutu inguruko pieza bakar baten pasarte eta aldaera tinbrikoetan oinarritzen da. Beraz, narrazio edo sekuentziek beti hondo musikal ezberdin bera izango dute.

Organoaren aldaera tinbrikoak lantzeko Ana Belén García organo-jolearen laguntza izan nuen. Saio ederrak izan genituen Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako Cavaillé-Coll (1863) organo apartan, beronen zaharberritze lanak hasi baino aste batzuk lehentxeago. Grabaketa 2019ko urtarrilaren 12an burutu genuen, neguko arratsean hasi eta goizeko ordu txikiak arte, iluntasunezko argi nabar baten pean.

Organoaren grabaketa Fredi Pelaezek burutu zuen, mikroak tentuz kokatuz eta, bere bizitzako momentu larri batean egonik ere, niri laguntzeko prest. Mirari bat izan zen bere presentzia; miragarriki elkarturik gaude, gaudenok eta ez daudenak. Eskerrik asko Fredi.

Konposizioa, narrazioen grabaketa eta nahasketa: Asier LI
Organoa: Ana Belén García
Organoaren grabaketa eta masterizazio orokorra: Fredi Pelaez, Pottoko Estudio
Aurkezpen bideoa: Hodei Ezeiza Zaldua: https://www.youtube.com/watch?v=xPLLxOssuec

Azala: Estibaliz Urresola Solaguren

NIHAUR (Horrela Bizitzeko II)

Nihaur HORRELA BIZITZEKO lanaren II alea da.

https://asier-li.bandcamp.com/album/nihaur-horrela-bizitzeko-ii

Ez dago erabateko soinu gabezia bezala ulerturiko isiltasunik, borondatezko soinuaren absentzia bazik (ozenago edo baxuago izan daitekeena).

Absentzia horretan ziztatzen da borondatezko kantua, eta hortxe dager HORRELA BIZITZEKO lanaren autore/subjektua, narraziotik at, sein egiten. Ni.

Subjektuaren eraikuntza da HORRELA BIZITZEKO bildumako gai nagusietako bat, eta abesti hauetan neuk agertu nahi nuen; hausnarketaren objetu eta subjektu aldi berean. Paradoxa bat.

Isiltasuna zartatzen duen subjektuaren ahotsa bereziki nabari da NI GAR eta INON abestietan. Kantu herabe eta biluz horrek oihartzun bat dakar: elkartzen gaituen zaurgarritasuna.

Disko honetako lehenengo lau abestiak ahots eta piano hutserako dira, etxean grabatuak (2018ko udan pianoa eta ahotsa 2019ko udan) eta nahastuak (2019ko uda). Horrela Bizitzeko laneko II alearen soinu bereizgarria damate.

“EZTIA BAILITZ” bosgarren abestiaren pianoa eta ahotsa gainerakoak bezala grabatu ziren, nahasketa ere etxean egin da. Abesbatza eta organoa Tolosako Santa Klara konbentuan grabatu ziren 2019ko ekainaren 16an. Juanan Rosek grabatu zuen saioa. Organoa Ana Belén Garcíak jo zuen eta ahotsak KEA Ahots Taldearenak dira, Enrique Azurzaren gidaritzapean.

“EZTIA BAILITZ” abestia egitasmo orokorrean zehar suertatzen diren mizturen adibide garbia da, bertan ale ezberdinetako kualitate eta osagaiak biltzen bait dira. Kanta mixto hauetatik orobiltzaileena da “EZTIA BAILITZ”.

“Nihaur” Fredi Pelaezek masterizatu du Beasaingo POTTOKO estudioan.

AURKEZPEN-IRUDIA

Estibaliz Urresolak burutu du azalaren diseinua.

Horrela Bizitzeko bildumaren I alea apirila-maiatzean argitaratuko da hemen:

https://asier-li.bandcamp.com/

Honekin batera, bilduma osoko testuak biltzen dituen liburua argitaratuko da, ale guztien testuak obra oso baten moduan sekuentziatu eta sakabanaturik.

Horrela Bizitzeko sei alez osatuta dago. Ale ezberdinen musikak bi hilabeteko tarteaz-edo argitaratzen joango naiz, apirila-maiatza honetatik abiatuta.

KEA+ORGANOA

HORRELA BIZITZEKO osagai ezberdin eta autonomoz osaturiko lan bat da. Baina osagaien arteko harremanak ere ematen dira zenbait abestitan. Hain zuzen ere, pasa den ekainaren 16an, horietako batzuren grabaketa saioak burutu genituen, abesbatza eta organorako pieza bat eta beste hainbat soinu-iturri dituen abesti baterako abesbatza eta organoa grabatuz.

KEA Ahots Taldea eta Ana Belén García organo-jolea izan ziren musikariak.

Sesioa Tolosako Santa Klara komentuan egin zen eta Juanan Ros teknikariak grabatu zuen.

Irudia erregistratzen SIRIMIRI FILMS-eko Estibaliz Urresola aritu zen, arratsalde hark eta bertan landuriko konposizioek iradokitakoarekin  ikusentzunezko lan bat egiteko asmoz. Post honetako argazkiak David Azurzak egin zituen.

Hainbeste pertsona nire musikarekin inplikatuta ikusteak zirrara-ikara sortzen dit. Baina oso eskertuta nago. Beste urrats bat gehiago. Milesker guzti-guztioi.