asierLI

KEA+ORGANOA

HORRELA BIZITZEKO osagai ezberdin eta autonomoz osaturiko lan bat da. Baina osagaien arteko harremanak ere ematen dira zenbait abestitan. Hain zuzen ere, pasa den ekainaren 16an, horietako batzuren grabaketa saioak burutu genituen, abesbatza eta organorako pieza bat eta beste hainbat soinu-iturri dituen abesti baterako abesbatza eta organoa grabatuz.

KEA Ahots Taldea eta Ana Belén García organo-jolea izan ziren musikariak.

Sesioa Tolosako Santa Klara komentuan egin zen eta Juanan Ros teknikariak grabatu zuen.

Irudia erregistratzen SIRIMIRI FILMS-eko Estibaliz Urresola aritu zen, arratsalde hark eta bertan landuriko konposizioek iradokitakoarekin  ikusentzunezko lan bat egiteko asmoz. Post honetako argazkiak David Azurzak egin zituen.

Hainbeste pertsona nire musikarekin inplikatuta ikusteak zirrara-ikara sortzen dit. Baina oso eskertuta nago. Beste urrats bat gehiago. Milesker guzti-guztioi.

 

Aurkezpen bideoa II alea

SIRIMIRI FILMS-eko Esti Urresolak ekoizturiko aurkezpen bideoa duela hilabete batzuk KEA abesbatzarekin egin genuen lehenengo entsegutik abiatzen da. Bertan “Genero-esparru irudigarriak” pieza landu genuen.

Izenburu hau Judith Butler pentsalariaren terminologian oinarritzen da: irudigarri, pentsagarri edo ulergarri denaren markoaren ideian hain zuzen ere.

Bideoan HORRELA BIZITZEKO diskoko beste osagai batzuk ere iradokitzen dira.

Ekainaren 16an hasiko ditugu KEA Ahotsa taldearen grabaketa saioak, Tolosako Santa Klara klausura komentuan, Juanan Ros teknikari apartaren eskutik.

Honatx aipatu aurkezpen bideoaren bigarren alea:

Aurkezpen bideoa I alea

HORRELA BIZITZEKO azken grabaketa fasean sartzear da. Ekainaren 16an diskoko osagai garrantzitsuenetako bat den KEA Ahots Taldearen grabaketa saioei ekingo diegu Tolosako Santa Klara klausura komentuan.

ORO BAT aurkezten nenbileneko garaikoak dira HORRELA BIZITZEKO laneko lehenengo hitz eta notak. Azken emanaldia eman eta gutxira hasi nintzen pentsatzen, ideia honen harira: generoa eta aldaketa klimatikoa. Hortik aurrerakoa zail da laburtzen.

Lehenengo grabaketa sesioan organo eta abesbatzarako piezak grabatuko ditugu Ana Belén Garcíaren partaidetzaz.

Honatx SIRIMIRI FILMSeko Estibaliz Urresolak, duela hilabete batzuk KEArekin egin genuen lehenengo entseguan oinarrituz, sorturiko aurkezpen bideoaren lehen alea.