asierLI

Organo-piezaren grabaketa

Horrela Bizitzeko diskoko osagai garrantzitsu baten grabaketa burutu genuen urtarrilaren 12ko iluntzean, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako Cavaillé-Coll organo apartan. Hau 1863. urtean eraiki zen, eta bere azken grabaketa izan da bi urte iraungo duen zahar-berritze lanak hasi eta deseraiki aurretik.

Ana Belén García organo-joleak oso ekarpen aberatsak egin zizkion nik idatzitakoari, eta grabaketa saioan zehar gero eta finkiago iritsi gintzaizkion piezaren izaerara. Azkenik, grabaketa ederrak bildu genituen.

Fredi Pelaez aritu zen mikrogintzan, maixuki aritu ere. Organoaren eta instrumentu bera den espazioa osotasunean jaso nahian.

Estibaliz Urresola zinegileak saioaren islada irudizkoa bildu zuen, ostera ikus-entzunezko lan bat egiteko asmoz. Organoaren erraiak eta soinuaren lanketa- eta grabaketa- saioak ederki hatzeman zituen.

Ez lirudike organoa sexu- eta genero- nortasunari buruz hausnarketa egiten duen lan baterako tresnarik egokiena denik, baina, hain zuzen, horixe da interesgarriena (abesbatzarekin antzeko zerbait gertatzen da): iturri eta tradizio ezberdinetatik datozen musika eta testualitateek elkarri esateko daukatena argitzea eta birrasmatzea. Bada garaia, organo honek egingo duen bezala, hainbat eta hainbat iruditeri sinboliko eta jazarpen diskurtsibo zahar-berritu, deseraiki eta eraldatzeko.